Kultura/Hezkuntza – Saria Vania Georgieva Kostadinova-rentzat, Barañain BHIko ikasle, “El nacimiento de mi municipio: Barañáin (1971-1984)” ikerlanagatik

KULTURA / HEZKUNTZA / HISTORIA:
Barañain BHIren arrakasta handia Eustory Iberia Lehiaketan, XVII. edizioa: «Helburu partekatuak. Gure erakundeak eta haien historiak». Joan den ostiralean, hilaren 25ean, Rondan (Malaga) egindako ekitaldian, Vania Georgieva Kostadinova-k (Mikel Rodriguez tutorea) bigarren saria jaso zuen El nacimiento de mi municipio: Barañain (1971-1984) ikerlanagatik (1.000 euro ikertzailearentzat eta 500 tutorearentzat).
Ekitaldia Rondako Zalditeriako Errege Elkartean egin zen, Josep Borrell Europar Batasuneko goi-ordezkaria bertan zela. Diruzko sariaz gain, Körber-Stiftung Fundazioak urtero deitzen ditu Eustory Iberia lehiaketaren irabazleak Eustoryren nazioarteko topaketetan parte hartzera, Europa osoko estatu mailako lehiaketetako irabazleekin batera. Bidaiaren, ostatuaren eta jardueren gastuak EUSTORYk estaltzen ditu.
Vaniaren El nacimiento de mi municipio: Barañáin (1971-1984) izeneko ikerketak Barañain udal independente gisa sortzeari buruz dihardu, Espainiako trantsizioaren garai nahasian. Garai hartan, Barañainek erabaki behar zuen Zizur Zendeako zati gisa jarraitzen zuen, Iruñeko auzo gisa integratzen zen edo udalerri independente bihurtzen zen, eta azken aukera horri heldu zion azkenean.
Eustory Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako ikerketa historikoaren nazioarteko lehiaketa nagusia da. Eustory-Iberia atalean, Espainiako, Portugalgo eta Iberoamerika osoko ikertzaile gazteak aurkezten dira. Eskudiruzko sari garrantzitsuez gain, irabazleek Körber-Stiftung Fundazioak urtero deitzen dituen ikerketa-campusetan parte har dezakete. Bertan, Europa osoko lehiaketa nazionaletako irabazleak biltzen dira. Besteak beste, Berlin, Brusela, Budapest, Helsinki, Liubliana, Oslo, Praga, Sofia, Tallin, Madril edo Ronda izan dira akademien helmugak.