Itziar Otegi Aranburu eta Sandra Garayoa Cotera egileek irabazi dute 2020ko Etxepare saria “LORERIK GORRIENA” albumarekin
Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epaimahaiak “lorerik gorriena” lana aukeratu du aurkeztutako 35 lanen artean, eta edizio hau orain arteko emankorrena bihurtu da.
Epaimahaikideek azpimarratu dute “Ipuin tradizionalen onena jaso, eta gaur eguneraino dakar haien leinua. Chestertonen erranetan, herensugea edo basapiztia gutako bakoitzarengan dago eta literaturak haren kontra borrokatzeko zalduna eskaintzen digu. Hau izan daiteke bitartekari batek umeari ipuina kontatzerakoan erakusten ahal dion gauzarik garrantzitsuena. Era berean, “Indar handiko irudiak sortu ditu gama kromatiko oso neurtu batekin. Testura eta trazuekin jolastu du, deskripzioetatik urrunduz, eta sinbolismo eta sujerentziaz betetako mundu propio bat azalduz”.
LORERIK GORRIENA albumak gutako bakoitzaren bizitzan Gertakari Handiek duten zama nabarmentzen digu, norberaren beldurrek, edo bertzeengandik jasotzen ditugunak, zenbateraino kateatzen gaituzten galdetuz. Ipuin tradizionalen ildotik, Txano Gorritxoren alaba dugu ardatz eta protagonista, eta berak erabaki beharko du etxean geratu edo oihanean barneratu, historia errepikatu edo berritu, eta, jakina, oihanean basapiztia ezaguna dauka zain, lerde jario…
Sari bakarra eman da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2020ko udazkenean.
Iruñeko Udalak, Etxepare saria programan barne, antolatzen duen Biko-Teka topaketetan hartu dute parte saridun biek; batak idazle moduan (Itziar Otegi) eta besteak ilustratzaile lanetan (Sandra Garayoa).