Barañaingo Udalaren atxikimendua Nafarroako Parlamentuak Ukrainari buruz egindako adierazpen instituzionalari
Barañaingo Udaleko alderdi politiko guztiek bat egin dute aho batez Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpen instituzionalarekin.
NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
ZIOEN AZALPENA
Errusiako Gobernuak Ukraina eraso eta inbaditzeko hartu duen erabakiak iragan ostegunetik dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin ditu, eta bonbetatik ihesi lekualdatzen ari den jende asko ere bai.
Errusiako Gobernuak burutu duen erasoa inongo justifikaziorik ez duen oldarra da, ikusi gabeko larritasuna duena, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena ere bada, segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena.
Hori guztia dela eta, honako adierazpen instituzional hau onetsi du Nafarroako Parlamentuak:
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
- Nafarroako Parlamentuak Errusiaren eraso militarra salatzen du, eta eskatzen du berehala buka dadila eta indar militarrak Ukrainatik atera daitezela.
- Nafarroako Parlamentuak borrokak berehala buka daitezela exijitzen du, biktimen kopurua handitu aurretik, eta tropak itzul daitezela nazioarteak Errusiako Federazio gisa aitortutako lurraldera.
- Nafarroako Parlamentuak eragile guztiei dei egiten die Errusiak hasitako gatazka belikorako konponbideak bila ditzaten.
- Nafarroako Parlamentuak berresten du desadostasunak konpontzeko esparrua Nazio Batuen Gutuna dela, bakearen eta diplomaziaren bideak erabiliz.
- Nafarroako Parlamentuak Europako erakundeak premiatzen ditu arreta eman diezaieten Ukrainatik lekualdatu eta Europako beste herrialdeetan babesa bilatzen ari direnei.
- Nafarroako Parlamentuak bere babes eta elkartasun erabatekoa adierazten die Ukrainako Gobernuari eta herriari eta, halaber, Errusian gerraren aurka manifestatzen ari direnei eta jazarpen polizial eta militarra pairatzen ari direnei.