Ayuntamiento de Barañain/Barañaingo Udala

Geografia

Barañaingo bistak

Barañaingo kale-izendegia
Barañaingo planoa

Barañain 130 hektarea (1,31 Km²) dituen udalerria da, eta Nafarroako hiriburuko erdialdetik 3 kilometrotara kokatuta dago. Udaleko lur gehienak Elortz eta Arga ibaien artean dagoen lautada garai batean daude.

Geografiari dagokionez, Iruñako erdigunearen kokaleku den Arga ibaiaren gaineko ibai-terraza berean dago Barañain. Irunlarreako istmoak, Barañaingo sarreraren eta saihesbidearen artean dagoenak, lotzen ditu bi udalerriak. Gaur urbanizatuta dago istmoa, baina 90eko hamarkadaren hasiera arte, Barañainera iristeko modu bakarra zen bide estu hori. Egun, beste sarbide artifizial bat dago, Miluzerako bidean behera dagoen sakanarekiko zuzen-zuzen doana.

Geomorfologiari dagokionez, margak (Eozeno Ertain eta Goikoak zein Oligozenoko hasierakoak) dira nagusi lurralde osoan, nahiz eta Kuaternarioko terraza-metaketek eta glazis txikiek estali zonalde batzuk.

Ondoko mugak ditu: iparraldean Arga ibaia, erripa margadunek egiten duten bat-bateko labarraren azpian dagoena; ipar-mendebaldean, Miluzerako bidean behera doan sakana; hego-mendebaldean, Elortz ibaiaren sakonunearen hasiera. Barañainek, beste aldetik, Aratzurirekin (Oltzako zendea), Iruñeko auzoak diren Ermitagaña, Irunlarrea eta Etxabakoitzekin, eta Zizur Nagusiarekin (Zizurko zendea) egiten du muga administratiboa.

Klima eta jatorrizko landaredia (haritzek eta arteek osaturiko baso eremua, nekez aurki daitekeena egun) trantsiziokoa da, Atlantikoaren eta Mediterraneoaren artekoa. Klima, hain zuzen ere, submediterraneoa da, plubiometriari dagokionez urtean 800 litro biltzen dituena metro karratuko, eta, tenperaturari dagokionez 12’5ºC (11’1ºC udaberrian; 19’5ºC udan; 12’8ºC udazkenean eta 4’4ºC neguan) lortzen dituena batezbeste urtean.

Sakan baten gain-gainean kokaturik, gogoz astintzen dute haizeek, batez ere ipar-mendebaldetik datozen horiek. Itsasmaila 400 (Arga ibaia) eta 441 (Sahats ikastetxea) metro bitartekoa da, eta erliebea nahiko laua da, Arga ibaiaren labarrak eta sakonunea izan ezik.

Hiru zonalde bereiz daitezke Barañainen. Lehena 60ko hamarkadaren bukaeran hasitako eraikuntza-faseari dagokio; ia erabat bukatuta dago eta bertako jendea errotuta dago hirian, baita ekonomikoki ere.

Ipar Plazako hiribideak muga egiten du bigarren zonaldearekin. 80ko hamarraldian abian jarri zenez, jende gaztexeagoa bizi da bertan.

Gaztainondo eta Lurgorri plazek egiten dute muga hirugarren zonaldearekin. Zonalde horri “Plan Partziala” esaten zaio, eta 1.500 etxebizitza berri (horietako batzuk txaletak dira) ekarri zituen. Horretaz gain, hainbat hornikuntza berri (Kultur Gunea) eta parke handi bat ere daude bertan, Lakuko parkea hain zuzen.

Barañaingo kaleak honelaxe eratu dira: hainbat etorbide handi, bata erdian (Erdiko hiribidea) eta gainerakoak periferikoak edo ingurukoak, bigarren mailako sare batek lotuta daudenak.

Egitura urbanistikoa bloke solteetan oinarritzen da, eta, ondorioz, ezin dira ohiko kaleak jarri. Fatxada-lerroak behar bezain definituta egon gabe, zail-zaila izan zen atari eta erakusleihoak bilduko zituzten oinezkoentzako ibilbideak sortzea.

Udaletxea eta udaletxeko plaza eraikitzeak zuzendu du goian aipaturikoa, eta bai Udaletxea eta bai udaletxeko plaza hiriko biztanleen nukleo edo erdigune bihurtu dira pixkanaka, fisiko zein sinbolikoki. Lehen, Osasun Etxeak, Jubilatuen Elkarteak eta Udaletxe zaharrak osatzen zuten erdigunea, baina ez zeuden zentroan Merkatal etorbideak osatzen duen hiriko plano orokorra kontuan hartzen bada. Lehengo beste erdigunea ere, partaidetza handiena duena, hau da, Lagunak Udal Zerbitzua, hiriaren inguruan geratzen da egun.

Volver arriba