Biztanleria
1960. urtera arte, Zizurko zendeako herrixka izan zen Barañain, bere historian zehar 100 biztanletik gora nekez egin duena.
1960ko hamarkadaren bigarren erdian, eta hiriburua zabaltzen ari zenez, Barañaingo garapen urbanistikoa gertatu zen.
Barañaingo biztanleria bizkor hazi zen, udalerriko urbanizazioaren pareko. Barañain sortu berri den hirigune bat izateak (ez dauka zerikusirik jatorrizko herriarekin) izaera demografiko berezia ematen dio.
Izan ere, emigrazioak edo immigrazioak ez du zerikusi handirik bertako biztanle kopuruaren berezko hazkundearekin; biztanle kopurua, nolabait, artifiziala da, jaiotza edo heriotza tasetan baino gehiago eraikitakoan oinarritzen baita. Horregatik, oso zaila izaten da biztanle-kopuruaren eboluzioa aurreikustea epe laburrean, hainbat aldagai izaten direlako jokoan: zenbat etxe eta zein erritmotan eraikiko diren, bizitzera etorriko direnak gazteak edo ez horren gazteak izango diren, Barañaingo gazteek zer egingo duten (bertan geratu edo beste lekuren batera bizitzera joan), e.a.
1996. urteko erroldan 20.000 biztanle baino gehiago baziren jadanik; 1998. urtean hazkundeak jarraituko du, eta modu egonkorrean zifra horren gainetik geratuko da eskubidedun biztanleria.
Egun, Barañain Nafarroako laugarren udalerria da, biztanle kopuruari dagokionez, Iruña, Tutera eta Egües ondoren. Biztanle asko -egitatezko biztanleak, alegia- ez daude erroldan, baina oso zaila da jakitea zenbat diren. Gehienak, hala ere, bertan aldi baterako bizi diren langileak (funtzionarioak, osasun-langileak,…) eta ikasleak dira. Edonola ere, 7.100 etxebizitza inguru (jadanik eraikiak zein planifikatuak batuz) izango direnez, 23 eta 25 mila bitarte biztanle inguru izango ditu Barañainek.
Barañaingo berezko ezaugarrietako bat beste udalerri batzuetan lan egiten dutenen bizitokia izatea da. Biztanle aktiboek hirugarren sektorean (osasuna, administrazio publikoa, hezkuntza eta merkataritza) eta bigarrenean (metalezko transformazio industria, mekanika industriak, industria laguntzailea, automobilgintza, eraikuntza…), batez ere, egiten dute lan.
Estatistika Institutu Nazionalak, 2023ko urtarrilaren 1ean, onetsitako azken udal-erroldak 19.575 biztanle ditu.
Barañaingo biztanleen kopurua urtez urte (1960-2020) | ||||
---|---|---|---|---|
Urtea | Biztanleak | Urtea | Biztanleak | |
1960 | 66 | 1995 | 19.759 | |
1970 | 2.473 | 2000 | 20.871 | |
1975 | 5.722 | 2005 | 22.295 | |
1980 | 7.293 | 2010 | 21.705 | |
1985 | 11.769 | 2015 | 20.475 | |
1990 | 16.189 | 2020 | 20.167 |