HERRITARREK PARTE HARTZEA
HERRITARREK PARTE HARTZEKO PROGRAMA
Programa honek Barañaingo Udalaren kudeaketan herritarren partaidetza sustatzea du xede, hau da, martxan jartzea herritarrek aktiboki eta zuzenean parte hartzeko gestio eredu bat.
HELBURUAK
- Barañaingo Udala kudeatzeko prozesu eta bide berriak sortzea.
- Barañaingo Udalaren eta biztanleen artean partaidetza finkatzea lan-prozedura gisa, eta, halaber, udal kudeaketan pertsona orok parte har dezan lortzea.
- Parte hartzeko egitura eta dinamikak sortzea eduki politikoarekin, eta gure udalerrian herritarrek parte hartzen jarraituko dutela ziurtatzea.
EKINTZAK
- Interes orokorreko gaietan parte hartzeko prozesuak.
- Udalaren aurrekontuak egiteko herritarrei kontsultak.
- Udal langile eta herritar partaideen prestakuntza.
- Herriko elkarteen eta erakundeen Udal erregistroa sortzea.
- Kontseilu Sektorialak dinamizatzea.
- Elkartegintza sustatzea.
HISTORIA APUR BAT
A) Barañaingo Udalaren hastapena Herritarrendako partaidetzan:
2003-2007 legegintzaldiaren hasieratik Barañaingo Udala lanean ari da errazteko eta sustatzeko herritarrek parte hartzea udal bizitzan.
Hain zuzen ere xede horrekin sortu zen Herritarrek parte hartzeko Arloa. Arlo horrek hainbat ekintza sustatu ditu parte hartzeko bide berriak irekitzeko Barañain udalerria gobernatzeko moduan.
Besteak beste, hona aipagarrienak diren ekintzak: udalaren aurrekontuak prestatzeko herritarrei eginiko bi kontsulta, arloan teknikariak jarri izana, herriko kolektibo eta elkarteekin harremanetan jarri izana, Herritarrentzako Partaidetzaren Irudia diseinatzeko lehiaketa atera izana, edo “I. Barañaingo Herritarrentzako Partaidetza Jardunaldia” antolatu izana. Azken horretara udalerri ezberdinetako hizlariak etorri ziren, herritarrentzako partaidetzaren inguruan haiek jarraituriko udal-kudeaketa ereduen berri emateko.
2004ko bigarren sei hilabetekoan Partaidetza alorrean eginiko jardueren ebaluazioa egin zen. Ebaluazio horrek agerian utzi zuen 2003an eta 2004an eginiko lanak bete gabe utzi zuela herritarrak Udalarekin komunikatzeko erraztasunak jartzearen helburua. Hori dela eta, beharrezkotzat jo zen estrategiaren norabidea aldatzea, herritarrek parte hartzea lortu ahal izateko.
B) Estrategia berria. Barañainen Partaidetzaren errealitateari buruzko ikerketa:
Estrategia honek, lehenik eta behin, diagnostiko bat egitearen aldeko apustua egin zuen, Barañain zein egoeratan zegoen erakusteko, Udala eta herritarrak zein puntutan zeuden jakiteko. Hartara, udal-kudeaketan herritarren partaidetza sustatzea zen xedea.
Horretarako, 2005/2006 ikasturtean Partaidetzaren gaineko ikerketa egin zuen Barañainen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Lanaren Saileko INSONA lantaldeak. Ikerketa Jesús Hernández Aristu Doktoreak (unibertsitateko irakaslea) koordinatu zuen, Unibertsitatea-Gizartea Fundazioarekin eta Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoarekin (O.T.R.I.) elkarlanean.
Ikerketa horretan oinarrizko zenbait alderdi aztertu zen, besteak beste: Barañaingo Udalak zinegotzi edo arlo ezberdinen bidez egin dituen partaidetzako esperientziak eta Udalean eragina izan duten herritarren ekimenak. Horiez gain, Barañaingo elkarteen eta ekimenen inbentario bat ere egin zen. Baita elkar hizketa batzuk ere. Horien bidez, ezagutu nahi zen herritarrek zer nolako asebetetze maila duten gizarte partaidetzari dagokionez, zeintzuk diren dituzten premiak eta gabeziak.
Ikerketaren ondorioz, funtsezko informazioa bildu zen Barañaingo Elkarteen funtzionamenduari, egiten duten lanari, lan horren garrantziari eta udalerrian duen eraginari buruz, baita inplikaturiko biztanleen kopuruari dagokionez ere (Barañaingo biztanleen % 14), besteak beste.
Gainera, ikerketa funtsezko abiapuntu bilakatu zen Barañaingo Udalean “jokatzeko modu berria” zehazteko. Modu berri horrek aurreikusten du partaidetza prozesuak sustatzea Barañaingo herritarrei eragiten dieten gaiekin.
C) Herritarren partaidetzaren gaineko erregelamendua:
Barañaingo Udalaren partaidetza estrategiaren giltzarrietako bat Herritarren partaidetzaren gaineko erregelamendua egin izana da. Horren bitartez hainbat arauk informaziorako eta partaidetzarako bideak ezarri ditu. Erregelamenduaren helburua da erakunde zein elkarteen eta Udalaren arteko harremana gauzatzea, behar diren baliabideak, moduak eta prozedurak eskura jarriz.
Hainbat hilabetez, Herritarren Partaidetzako Informazio Batzordeak lan egin zuen udal alderdi ezberdinen sentsibilitateak eta iritziak bilduko zituen zirriborro bat zehazteko.
Era berean, hura egiteko, Jesús Hernández Aristu adituaren aholkuak jarraitu ziren, Barañaingo herritarren partaidetzari buruzko ikerketa koordinatu zuen pertsona berarenak hain zuzen. Ikerketaren ondoko funtzionamendu- eta egitura-proposamena aipatu erregelamenduan jaso zen.
Dokumentuak herritarren iritziak eta ekarpenak ere barne hartzeko helburuarekin “Partaidetzako I. Prozesua” abiarazi zen erregelamendua jendaurrean erakusgai jarri zeneko aldian.
Herritarren partaidetzaren gaineko erregelamendua.
D) Herritarren partaidetzaren gaineko erregelamendua eta Barañaingo kolektiboei lokalak uzteari buruzko ordenantza herriko taldeen ekarpenekin adosteko prozesua:
Prozesu honekin Barañaingo Udalak Barañaingo elkarteen kideengandik erregelamenduaren gaineko gogoetak, eztabaidak eta proposamenak jaso nahi izan zituen. Lehenengo prozesu horretarako Jesús Hernández Aristu adituak aholkularitza zerbitzua eskaini zuen.
Halaber, Udalak ordenantza bat egin zuen kolektiboei lokalak uzteko, eta kolektiboek dokumentua eztabaidatzearen aldeko apustua egin zen. Ordenantzaren xedea udalaren jabetzaren barne dauden eta hainbat eta hainbat urtetan Barañaingo kolektiboei inolako akordio idatzirik gabe utzi zaizkien lokalen egoera arautzea da. Prozesu horrek kolektiboek lokaletan kalitatezko baldintzetan jarraitzea ahalbidetuko du, egoera arautua izatearen bermearekin.
I. Partaidetza prozesu hau, erregelamenduari esker, partaidetza-esperientzia berri baten hastapena izan zen, eta, aldi berean, udal-kudeaketan herritarren partaidetza aintzat izateko Barañaingo Udalaren borondatea azaleratzen duen lehendabiziko pausoa.
Prozesua 2006ko iraila eta urria bitarte garatu zen, bi dokumentuak jendaurrean erakusgai izan ziren aldian hain zuzen. Bi dokumentuak herritarren ekarpenekin azaroko Osoko Bilkuran onestea zen helburua.
E) Herritarren Partaidetzaren etorkizuna Barañainen:
Udala buru-belarri ari da lanean “jokatzeko modu berria” egonkortu dadin Barañainen, Partaidetza Prozesuak tresna izan daitezen herritarrak udalerriaren bizitza publikoaren gestioan inplikatzeko.
Era berean, lan egiten ari da Partaidetza zeharka egonkortzeko gainontzeko arloetan, bai maila teknikoan bai maila politikoan. Lan egiten ari da, halaber, Partaidetza Arloa erreferentzia gune eta herritarren/Udalaren arteko bitartekari bihur dadin partaidetzari dagokion gaietan.
Udalak Barañaingo elkarte sarea sendotzearen aldeko apustua egin du; eta lanean ari da elkarteen eskura baliabide egokienak jartzeko eta, horrela, udalerrian egiten duten lana sustatzeko.