GABONETAKO UNEAK

April 12, 2013

Barañainen arrastoa uzten du Eguberrien etorrerak.

Eguberrien gertutasuna ikastetxeek sumatzen dute lehenik, eta dagokion eran ospatzen dute: behar adina apaindura jartzen dituzte, eguberrietako kanten jaialdia antolatzen dute, gaztaina-jatea egiten dute, eta, morroiren bati, edo Olentzero berari ere, harrera egiten diote.

Festa egunek kalera irteteko gonbita luzatzen dute, batik bat txikienek galdu ezin dituzten hainbat jarduerekin gozatzeko.

OLENTZERO IKAZKINAREN ETORRERA

Abenduaren 24an, eguberri aldia hasi besterik ez denean, Olentzeroren etorrera da herritarrengan ikusmira gehien sortzen duten ikuskizunetako bat. Herriko hainbat kolektibo dira etorrera honen antolatzaile.

Olentzero ikazkina menditik jaisten da gaztainak, gazta, ardoa eta, nola ez, txikienendako opariak banatzera. Lakuko Anfiteatro Naturalean egiten zaio harrera Olentzerori, musika giroan. Bertatik abiatuta, bizkar gainean eta gabon kanten erritmoan, herriko plazak eta kaleak zeharkatzen ditu, ardiek, astoek eta antzarek lagundurik.

Olentzero pertsonaiaren jatorria neguko solstizioarekin zerikusia duten ospakizunei lotua dago. Etimologiaren arabera, Olentzero urtaro hotz horrekin lotutako esamoldea omen da. “Oles” eskal ohituretan sustraitutako hitza da. “Olez olez ibili” adierazpidea gazteen lehengo ohituraz mintzo zaigu, batik bat neguan etxez-etxe eskean eta kantuan ibiltzearen ohituraz hain zuzen.

ERREGE KABALGATA

Ekialdeko erregeak zintzo-zintzo etortzen dira urtero Barañainera bisita egitera, hain zuzen ere urtarrilaren 5eko arratsalde-gau partean. Zalantzarik gabe, gabonetan ikusgarritasun eta ikusle gehien biltzen dituen ekitaldietako bat da Errege Kabalgata. Meltxor, Gaspar eta Baltasar urtez urte Done Eztebe eta San Paulo parrokian agertzen dira. Bertatik, oinez joaten dira jendea agurtzearekin batera Santa Luisa de Marillac ikastetxeraino. Ikastetxe horretan Jesus haurrari agurra egiten diote.

Agurra eta gero, herriko kale nagusiak zeharkatzen dituzte gurdietan, zuzidun morroiek, musika eta animazio taldeek, eta, noski, herritarrek, inguraturik. Retegi pilotalekura iristen dira, eta, bertan, harrera berezia jaso eta haurren gutunak biltzen dituzte.
Orain hamarkada bat baino gehiago, Buruhandien eta Erraldoien Konpartsa da usadioko Errege Kabalgata prestatzearen eta antolatzearen arduraduna.

BI JAIOTZA

Jaiotzak egiteko ohitura ere nabarmena da udalerrian.

Barañaingo Jaiotzazaleen Elkartea -1996. urtean sorturikoa- da jaiotza handi bat egitearen arduraduna. Jaiotza “erraldoi” hori ikusgai jartzen da oinezko ororentzat Udaletxeko beirarte batean. Jaiotza egitea hilabetetako lana da, hogeita bost metro karratu inguruko azalera baitu. Urtero -6. urtea da jada- gaia aldatzen da: hebrear herri bat, Miluze zubiaren irudikapena edo Nafarroako hainbat herritan oinarri hartzen duen eraikuntza dira adibide batzuk.

Elkartearen ardura da baita ere data hauetan udalerriko bi parrokietan, Done Ezteben eta San Paulon, erakusgai jartzen diren bi jaiotzak egitea.

Bestalde, Ezpelur dultzaineroek eta Buruhandien eta Erraldoien konpartsak Olentzero pertsonaia barne hartzen duen jaiotza jartzen dute Lakuko irlan. Esan behar da jaiotza horren irudiak tamaina handikoak direla. Eguberrien aurreko asteburuan ospakizun txiki batekin inauguratu ohi da jaiotza.

KONTZERTUAK ETA EGUBERRIETAKO ZINEA

Data hauen intereseko zerbait musikaltasuna da, bereizgarri egiten dituena aldi berean.
Ohitura bihurtu dira jada gabon kantak abesteko herriko hainbat taldek egiten dituzten irteerak, eta baita Barañaingo Luis Morondo Ikastetxearen Orkestra eta Eskolaniak eskaintzen duen eguberrietako kontzertua ere.

Duela urte batzuk, halaber, txikienek haurrentzako zine ziklo batekin goza dezakete Kultura Etxean.


<< atzera