Armarria

Escudo de Barañáin1973ko azaroaren 16an, garai hartako Barañaingo Kontzejuaren Osoko Bilkuraren ohiko saioan, Juan Bautista Agós Olave jauna presidente zelarik, kontzejuarentzat armarri propioa egin zedin eskatzea onetsi zen, izan ere, ordurarte Gazolatz Udalekoa zen erabilitakoa.

Aipatu bilkuran jaso zen aktak honakoa dio: “Kontzeju honek armarri ofizialik ez duenez, Presidente jaunak Hogeiko Batzordeari proposatzen dio, hala badagokio, Norberto González Bajo zinegotzi jaunari armarri baten diseinua egin dezan eskatzea. Diseinua egiteko, Barañaingo historia edo izena bera hartu beharko du oinarri. Diseinua egina dagoenean, Foru Aldundi Txit Gorenaren aurrean aurkeztuko da, eta horrek baimena ematen badu, ofizialtzat hartuko da armarri hori”.

Hartara, Norberto González diseinatzaile eta dekoratzaileak Barañain identifikatuko zuen irudia hautatu zuen, inongo konnotaziorik gabekoa. Pintzelek eta akuarelek lagundurik Nafarroako kateek inguraturiko armarria egin zuen, eta barrualdean garai hartako Barañaingo lau plazei (Ezki plazari, Zumar plazari, Sahats plazari eta Gaztainondo plazari) izena ematen zieten arbolak margotu zituen. Apaingarri gisa, kasketa eta lambrequinak ipini zituen. Lambrequin horiek akanto hostoen itxurako apaindurak dira, kasketatik irten eta armarriaren bi aldeetara erortzen direnak.