Eultzako etxebizitzen gaineko inkesta

Inkesta hau egiten da Hiri Jarduerako Plan Berezian herritarrek parte hartzeko duten prozesuaren barnean; hiri jarduera UC-21 unitateko 481. lurzatian egitekoa da, hain zuzen Eultza ikastetxea dagoen lurzatian.

Lurzatiaren alde librea prestatu nahi da etxebizitzak egiteko, zenbait babes-erregimenetan eta zenbait hartzaile mota helburu direla. Horretarako, funtsezkoa da herritarrek parte hartzeko moduko prozesu bat egitea.

Herritarren parte-hartzeak, egiten den hirigintza-tramitazio guztietan nahitaezko elementu bat izateaz gainera, honako hauek ahalbidetzen ditu:

- Herritarrak parte-hartzaile sentitzea prozesuan, eta haien iradokizunak eta alegazioak aztertzea eta kontuan hartzea.
- Ziurtatzea herritarrak, Udalarekin batera, protagonistak direla haiek ukitzen dituen hirigintza-dokumentu batean, eta dena egiten dela kolektibitatearen interes onena bilatze aldera.
- Herritarrek, planteamenduaren erabaki nagusiak ulertuta, bere egin eta barnera dezatela proiektua, horixe baita geroan onartu eta betetzen dela ziurtatzeko berme onena.

Herritarrek parte hartzeko plana egiteko, beharrezkoa da neurri dinamizatzaileak eta informazioa hedatzeko neurriak ezartzea, eta, hain zuzen, horietako bat da inkesta hau.

Gainera, inkestaren datuak bilduta, gaur egun herrian dagoen etxebizitza-eskaerari buruzko informazioa eskuratuko du Udalak.

Bestalde, azpimarratu behar da parte hartzeko prozesu hau, herritarrek parte hartzeko prozesu baten inguruan antolatutakoa, aholku izaerakoa dela, eta ez loteslea; halere, horretatik lortzen diren ondorioak (zeinak hirigintza-dokumentuan sartu behar baitira) bazterrean utziz gero, behar bezala justifikatu beharko da horren zergatia.

Inkesta baliozkoa izan dadin, egileak Barañainen erroldatuta egon behar du, eta 18 urtetik gorakoa izan.

Izan ere, egiaztatu eginen da geroago egilea Barañainen erroldatuta dagoela eta 18 urtetik gorakoa dela. Baldintza horiek bete ezean, baliogabetu eginen da inkesta.

Era berean, egiaztatu eginen da pertsona batek ez duela egin inkesta bat baino gehiago. Hala balitz, baliozkotzat joko da egindako azken inkesta, eta gainerakoak ezabatu eginen dira.