Kultura – IV. “Ostegun, historiaz jardun!” jardunaldiak

September 5, 2017

“KONTZENTRAZIO ESPARRUAK, BORTXAZKO LANAK eta KARTZELAK 1936-1945″

CUL-CartelHISTORIAkartela

Barañaingo Kultura Arloak, laugarren urtez jarraian, Uztaritzeko Geronimo Institutuaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Nafarroako historiari buruzko ziklo berri bat ospatuko du. Aipatu zikloa publiko orori zabalik dago eta gai bakoitzeko historialari jantzienak izanen ditugu:

2017-EGITARAUA:

-OSTEGUNA, urriak 5 , 19:00etan Kultura Etxean:

JOSU CHUECA. “GURS (Bearn). Errepublikako erbestea eta kontzentrazio eremuak/ Exilio republicano y campos de concentración”.

Dachau, Mauthausen, Auschwitz, Buchenwald, Ravensbrück… bezalako izenek gizateriaren hilketen oroimena dakarkigute. Historiak, literaturak, filmagintzak, dokumentazioak, horiek guztiek gogora ekartzen dizkigute kontzentrazio esparru latz haiek, naziek sarraskia egiteko sorturikoak. Bearneko Gurs esparrua dugu gune haietako bat, Zuberoarekin mugan, zeinetan milaka euskaldunek itxialdia pairatu baitzuten, 1939ko neguan galtzaile gisa harrapatuak izan eta gero.  Bigarren Munduko Guda amaitu ondoren Gurs esparruak eman zituen datuak ikaratzekoak dira: 60.000 lagun egon ziren bertan, nazien errepresioaren kokagune bilakatu zen tokian. Egun, hilerri batek soilik gogora ekartzen digu han gertaturikoa, 2.745 euskaldunekin abiatu zeneko zorigaitza. Gurs esparruko historia oroitarazteko tenorea da, haren jatorrietan, esparru euskalduna alegia.

-OSTEGUNA, urriak 19, 19:00etan Kultura Etxean:  

IÑAKI ALFORJA. DOKUMENTALAK/DOCUMENTALES: “EZKABA. Ihesaldi itzela frankismoaren kartzeletatik/ La gran fuga de las cárceles franquistas” (65’) eta/y “Botilen Hilerria/ El cementerio de las botellas” (20’).

Zuzeneko protagonistei -ihes eginiko presoak, senitartekoak, lagunak- eginiko elkarrizketa ugarien bidez Iruñeko San Kristobal gotorlekutik 795 presok 1938ko maiatzaren 22an eginiko ihes historikoa kontatzen digu. Dokumentalak lehengo eta gaurko irudiak nahasten ditu, aldi berean une heroiko haren inguruko isilunea astinduz eta kartzela hartan bizi zirenek pairatzen zituzten muturreko baldintzak salatuz; izan ere, bi mila bostehun lagun inguru pilatu zituzten gotorlekuan, gehienak Espainiako Estatu osotik ekarritako preso errepublikar eta nazionalistak; hori guztia, frankismoaren altxamenduko urte ilunetako testuinguruan. Soilik ihes eginiko hiru lagunek lortu zuten askatasuna, 210 ihesean harrapatuta erahil baitzituzten. 14 lagun Iruñeko Gazteluko ingurunean hil zituzten fusilatuta, irailaren 8an. Dokumental honek xede du gotorleku honen memoria duin egitea, eta, erran bezalaxe, baita egun herrialde honetan egiten den historiaren manipulazioa salatzea ere; hori, eta memoria historikoaz eta gizartearen amnesiaz hausnarketa plazaratzea.

-OSTEGUNA, urriak 26, 19:00etan Kultura Etxean:

FERNANDO MENDIOLA. “Esklabotza frankismoan Nafarroako Piriniotan/ Esclavos del Franquismo en el Pirineo Navarro”.

(Euskaraz/en euskera).

Guda amaiturik, bi milatik gorako frankismoaren kontrako lagun hartu eta Erronkari eta Zaraitzu ibarretara eraman zituzten preso, Nafar Piriniotan mendi errepide bat egiteko. Errepide hori da liburuaren gakoa, lan behartuak gidatzeko sortu ziren bataloien antolakuntza eta egoera hark guztiak eraginiko talka soziala azaleratzen baititu. Solasaldi honek erakutsiko digu aipatu bataloi horiek nola menperatzen zituzten fisikoki eta psikikoki gudako galtzaileak, baita ere zeintzuk ziren presoek muturreko baldintzei aurre egiteko ikasi edota eratu zituzten estrategiak. Finean, lan behartu hauek sortu zituzten ondorioak ezagutuko ditugu, mendiko herri txiki batzuen biztanleriarengan, batetik, eta frankismoaren esklabotza pairatu zutenen familiengan, bestetik.


<< atzera