ABENDUAREN 26A, DONE EZTEBE EGUNA

April 12, 2013

Duela urteak herritarrek data nabarmendua daukate egutegian, abenduaren 26a, Done Eztebe eguna.

Barañain modernoa 1989. urtean hasi zen jaiegun hori ofizialki ospatzen. Geroztik, sakon geratu den usadio bilakatu da, eta egun horretan udal bazkideek, kolektiboek eta herritarrek parte hartzen dute.

Egun berezi honetan egunsentiarekin batera Andra Mari parrokiako Auroroen kantak entzun ohi dira herriko kaleetan barrena. Aurororen ondotik, Ezpelur dultzaineroak dira dianekin herritarrei festa abian dela oroitarazten dietenak. Hamarrak aldera, Udalbatza, Buruhandien eta Erraldoien Konpartsak, Musika Ikastetxeak eta herritar askok lagundurik, San Paulo eta Done Eztebe parrokietara abiatzen da zaindariaren omenezko meza entzutera. Ekitaldi horretan Musika Ikastetxeko Orkestrak eta Eskolaniak parte hartzen dute. Meza ondoren, Harizti Dantza taldeak Udalbatzarekin batera Udaletxerako itzulia egiten du.

2000. urtetik aurrera, Udalbatzak eginiko ibilbidean toki nabarmena hartu du Udalbatza Txikiak. Udalbatza Txikia zozketa bidez hautatuak izan diren Barañaingo hogeita bost neska-mutikok osatzen dute, eta “urtebeteko agintaldian” zenbait jardueretan sinbolikoki parte hartu ohi dute haur horiek.

Udalerriko edadetuak ere protagonista dira Done Eztebe egunean. Barañaingo “Entrevientos-Haizeartean” Erretirodunendako Elkarteko bazkideei bazkaria eskaini, eta bertan omenaldia egiten diete urte horretan urrezko ezteiak ospatzen dituzten ezkontideei.

ESKER ONAK EMATEKO EGUNA:

Done Eztebe, esandako guztiaz gain, esker onak emateko eguna da, gizarte, kirol zein kultura alorretan esker onak emateko eguna.

Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoa hainbat sari emateko eszenatoki bilakatzen da. Sariak urteko kirolari hoberenei ematen zaizkie, egindako ahaleginaren eta jarraitutako ibilbidearen omenez, eta baita Argazki Lehiaketako zein “Barañain Hiriko” Literatur Lehiaketako irabazleei ere.

Barañaingo Udala aukera honetaz baliatzen da hainbat diru-laguntza banatzeko honakoei: gobernuz kanpoko erakundeei, irabazi asmorik gabeko entitateei eta elkarteei. Diru-laguntza horiek erakunde, entitate eta elkarte horiek garatzen dituzten zenbait programa eta jardueretan erabiltzen dira.


<< atzera